Merkatal eremu berri bat eraikiko dute Berangon
- Iñigo Gonzalez
- 5 jul 2017
- 1 Min. de lectura
2015. urtean erretako lur eremua birkalifikatu eta eraikitzeko lursailak bihurtu zituzten
Merkataritzara bideratutako gune bat eraikitzen hasi ziren Berangon 2017.urte hasieran. Decathlon, Mercadona eta beste zenbait multinazional ezarriko dira berton. Guneak 1.500 metro karratu izango ditu eta 40 lanpostu sortuko dituela espero da. Honen kontrako sinadura bilketa abiarazi dute Change.org plataforman. 1.200 atxikitze lortu dituzte.
Berangoko merkatal gune berria Landaida Goikoan eraikiko dute, Berangoko nekazal auzo batean. Proiektua 84.000 metro karratuko azaleran garatuko da, horietako 24.000 metro karratu berdeguneetara eta aparkalekuetara bideratuko dira. 50.700 metro karratu eraiki ahal izango dira.

Merkatal gune berria zabaltzerakoan lanpostu berriak sortuko direla ohartarazi dute. Dena den, Uribe Kostako EH Bilduk salatu du merkatal guneak eskualdean lanpostuen desagertzea ekarriko lukeela, Uribe Kostako komertzio txikiei kalte handiak eragingo baitlizkielako eta sortutako enpleguak prekarioak izango litezkeelako. Gainera, alderdiak salatu du EAJ-k eskualdean “lo egiteko herrien eredua” bultzatzen duela, herrien nortasuna desagerraraziz.
Proiektuaren eraikuntzarekin batera Berangoko Udalak 2.300 etxebizitza eraikitzeko proiektua bultzatzea erabaki du, udalerriko landa-eremua txikituz eta herriko populazioa handituz.
Lanak gelditzeko sinadura-bilketa bat abiatu dute Berangoko biztanleek, Change.org plataformaren bitartez. Jada 1.200 sinadura lortu dituzte. Honetaz gain, zenbait ekintza egingo dira proiektuarekiko desadostasuna adierazteko, herri bazkariak eta manifestazioak batik bat.
2015eko errautsak
2015. urtean Berango eta Sopela arteko mendi eremuan sute bat piztu zen. Honek 2.000 hektarea erre zituen, horien artean Berangoko zenbait nekazal eremu, Landaida Goikoa adibidez. Ondorioz, erretako nekazal-eremu horiek birkalifikatu zituzten, hauek eraikitzeko lursaila bihurtuz. Suteak gaur egun eraikitzen ari diren merkatal eremuari ateak ireki zizkion.
Commentaires